Txominen Baserria

Kritika

Musika klasikoa
‘El Caserío’ zartzuela
Orkestra: Iruñako Concerto
Zuzendaria: Juan Jose Ocon
Eszena zuzendaria: Ana Miranda
Abesbatza: Tolosako Orfeoia

Lekua: Tolosako Leidor Antzokia

Eguna: Urriaren 18a

Arkaitz Mendoza

Hamar urte sutsu bizi izan ditu Tolosako Orfeoiak, aldi batean aintzakotzat hartzen diren gorakada eta beherakada irristakorrekin. Honako honetan Jesus Guridiren obrarik esanguratsuena eszenaratu dute, rol nagusietan bakarlari gazteak hautatuta, beren etorkizunari bultzada txiki bat emateko prest baita abesbatza hau. Horrela, ahalegin eta suziri pila jaurti ditute kontzertu berezi eta sentikor bat programatzeko.

Joxe Migel pilotariaren rola Andeka Gorrotxategi bizkaitarrak egin zuen. Urrezko ahots sendoa du gazteak, etorkizun handikoa, nahiz eta sentiberatasun eta fraseatzearen dotorezia ez zen hain eztitsu bilakatu, mugikortasun eta bihozkada hotzak mamitu baitzituen. Amaia Arberas sopranoak Ana Mari jator eta alai bat aurkeztu zuen, hobe eszena higikortasunean ahots hedakuntzan baino. Tamalez, azken ipuin kontaketan ez zuen bere ahotsa behar bezala kokatu, eta zalantzatsu aritu zen.

Abeslari guztien gainetik, arlo komikoa garatu zutenak irten ziren garaile. Iker Casares tenorraren Txomin ikaragarria izan zen, bai bertsolarien kanta lehian bai Inosensiarekin batera, beren amodiozko hitzarmenean. Umorea, grazia, oro bikain landu zituen. Andres del Pino baritonoaren interpretazioa izan zen finena, batutaren esanetara egokituz. Beste denek ez zuten Oconen iaiotasuna ulertu. Orkestra makal aritu zen, maila oso baxuan, hari sendi iluna erreflexurik gabe geratu zen zuzendariaren zeinuak aztertzean, horrela zartzuelaren bilakaera oztopatuz. Ana Mari eta Santiren duoa, bertsolariena eta Santiren Sasibillen gogoeta izan ziren emanaldiko gailurrik zintzoenak. Tolosako abesbatza egoki, gogotsu eta indartsu, nahiz eta eszena kontuetan motz eta geldo geratu, bakarlarien kontaketei jaramonik egin gabe. Interpreteen baldintzak ulertu eta baloratuta, zartzuela emanaldi duina eskaini zuten.

Los comentarios están cerrados.

Seguir

Get every new post delivered to your Inbox.